ASTEASUKO TXURINGAIN ERROTARA BISITA BIZIKLETAZ

Ikasturte honetako First Lego gaia "Energia" denez, 5. eta 6.mailako ikasleok gai hori lantzen aritu gara. Hori dela eta, otsailaren 9an Asteasuko Txuringain errota bisitatzen izan ginen bizikletaz. Villabonako Errebote plazatik abiatu ginen bide gorrian zehar Asteasura, eta behin iritsitakoan, 11:15 arte gehienak pilotan jolasten ibili ginen. Bitarte honetan, hamaiketakoa jateko ere aprobetxatu genuen. 11:15etan, berrriro ere bizikletak hartu eta “Txuringain” ur errotara abiatu ginen. Bertan, Joxe Angelek errotak errekako urarekin funtzionatzen duela esan zigun. Ondoren, ura gidatzeko egindako presak ikusi genituen, eta baita ura kanal batzuen bitartez botanara garraiatzen dela ere. Joxe Angelek esan zigunez botanak alde batean 4,5 metroko sakonera zeukan eta urak gainezka ez egiteko kanaletan zehar bide moduko batzuk zeudela ere kontatu zigun. Jarraian, errota martxan jartzeko uhate bat altxa eta botanako ura ziztu bizian nola jaisten den erakutsi zigun, ur honek burni bat mugitu eta horrela errotarria nola mugitzen den ikusi genuen. Hori eta gero, erakutsi zigun energia hau arto-irina egin eta zerratokirako aprobetxatzen duela; egurra moztu eta aizkorak zorrozteko zehazki. Bisita bukatzeko, duela 500 urte Asteasun zazpi errota zeudela kontatu zigun, eta baserritarrak hauetara joaten zirela arto-irinaren bila, garai horietan janari gutxi zegoelako. Berak esan zigunez, duela 500 urte gauzek ez zuten orain bezala diruarekin funtzionatzen, trukearekin baizik, eta hori zen orduan janaria lortzeko modu bakarra. Baserritarrak 10 kilo arto emateagatik, 9 kilo arto-irin jasotzen zuen, hau da %10 gutxiago. Bisita bukatutakoan, behin Asteasura itzulitakoan, bazkaldu eta bertan jolasten ibili ginen. Joan baino lehen, lasterketa bat egin genuen bizikletekin, baina alderantzizko zentzuan, hau da, helmuga lehenengo gurutzatzen zuenak irabazi beharrean, erori gabe azkena gurutzatzen zuenak irabazten zuen. Lasterketa hasieran gelaka egin zen, baina finalean, denak nahastuta ibili ziren. Azkenean, 6.B gelako Enaitz Ezkiogak irabazi zuen lasterketa. Jokua bukatutakoan Villabonara bueltatu ginen, gehienak bizikletaz, baina autobusez joandakoak oinez. Villabonan taldeko argazkia atera eta bakoitza bere etxera bueltatu zen. Egun zoragarria pasa genuen!!

Iruzkinak